DANTZARAKO MUSIKA TRESNAK

Danzanteen musika, bistan dena, musikariek euren musika tresnekin jotzen dute. Hala ere, ez dira (izan) beti ez musikari berberak ez musika tresna berberak musika horren egileak: musika tresna bezala musikari kopurua geografian eta historian barna aldatzen da, irizpide batzuen barnean.

Gaitaren alde egin genuen

Bere momentuan San Lorentzoko Danzanteak mugitzearen ardura gaitak izan zezan iruditu zitzaigun egokiena, nahiz eta, ikusiko dugun bezala, aukerak anitz izan. Erabaki hori zinez ulergarria da Iruña bezalako hiri batean, non gaitak leku gorena (baina ez beti pribilegiatua) betetzen duen. Musika tresnaren tinbre eta bolumenak leku irekietako dantzarako apropos bilakatzen du, are gehiago makineria astunak sortutako soinu eta musikek haragi-hezurrezko musikariak ordezkatu eta menperatzen dituzten garai hauetan. Gaitero banda bera dantza mota honetarako talde aproposa da, ez baita sobera jendetsua, nahiz eta badituen oinarri erritmiko egokia, danborra, eta elementu melodikoa, gaita, azken hori bi ahotsetan banatua, soinu aberastasun handiagoa sortuz.

 

Elizagatarrak Tausten 1931n. Fernando Zaragüetaren argazkia. M. A. Elizagaren Bilduma (Cebamanos 2005: 182. Ikus Bibliografia)

Bestalde, gure ingurua begiratu baino ez genuen, danzanteak eta gaita gaur egun hertsiki loturik daudela ikusteko: Tauste, Monteagudo, Cortes, Otsagabia, Ribaforada, Etziego, Albelda, Anguiano, Belinchón eta bere mugetan aise hedagarria den abar luze batek euren dantzak laguntzeko tresna hori baliatzen dute.

Historian zehar ere lotura hori egon da, 1747ko Sevillako Corpuseko grabatuak frogatzen duen gisan. Jesus Ramosek diosku: “gaita dantzen lagungarri erregular bilakatu zen Iruñera etorritako taldeetan XVII. mendean sartuta” (Fernández de Larrinoa, 1999: 481. Ikus Bibliografia Itzulpena gurea). Are gehiago, kronologia bat proposatzen du, zeinean XVII. mende erditik aurrera gaitak txuntxuneroa ordezkatuko zuen Iruñean, Nafarroako hegoaldetik etorritako danzante taldeekin batera agertzen hasten den unean hain zuzen. XVIII. mende hasieran danborra du lagun. Gaitaren kasuan, ez da beti erraza dokumentazio zaharrean zahagi gaitez edo gaita soilez ari diren jakitea.

Txuntxuneroak badu bere lekua

Musikaria salterioa eta txifloa jotzen Yebra de Basan     (Cancer 2003: 22 Ikus Bibliografia)

Beraz, hiru zuloko flautak perkusiozko musika tresna batekin (danbolina edo ttunttuna izan) eta musikari bakarrak normalean, dantzak lagundu izan ditu eta laguntzen ditu oraindik Pirinioen bi isurialdeetan ekialdetik mendebaldera (Yebra de Basa, Embún, Oñati, Tolosa etab.). Nafarroatik kanpo ere hala da, mediterraniar klimako eremuetan Puebla de Guzmánen ( Huelva) kasu.

Iruñean ere horren presentziaren erreferentziak baditugu, danzanteak laguntzen (Fernández de Larrinoa, 1999: 484, 540), baina ez dirudi sekula gaita bezalako mihi bikoitzeko musika tresnekin batera izan denik. Arestian deskribatutako arrazoiak direla medio, San Lorentzoko danzanteak laguntzeko mihi bikoitzaren alde egin genuen, hori bai, lan horretarako hiru zuloko flautari ere erabateko zilegitasuna aitortuz. 

Oritzeko (Nafarroa) jauregiaren berpizkundeko frisoaren xehetasuna. Hasieran bezala amaieran ere, musikari zenbait ikus daitezke hiru zuloko flautak jotzen.

(Arizmendi  1976. Ikus Bibliografia)

 

Musika banda
Dena dela, aski gauza jakina da gaitero eskasia zegoen garaian (musikari edo aurrekontu faltagatik) eta ez duela hogei urte baino gehiago arte, leku askotan akordeoiak, klarineteak edo bestek izan duela danzanteak dantza arazteko ardura. Gerora garai hobeak etorri dira eta musikari horren bakardadea, zeinaren abilezia eta funtzionalitatea miresten dugun, konplexutasun handiagoko talde musikalek ordezkatu dute. Gaitero banda aipatu dugu, baina Gallur, Huesca edo Almudévar bezalako lekuetan beste askoren artean, herriko musika banda da musika jartzearen arduraduna. Horrek jakina, aukera musikalak erruz zabaltzen ditu, baina ez du zentzurik herrian bertako jaietatik kanpo, zentzu guztietan kostu handikoa baita banda oso bat danzanteek emanaldia eskaini behar duten tokira eramatea.
Gaita laguntza on batekin

San Lorentzoko Gaiteroak, bi tronboi, tronpeta, saxofoi eta bonbardinoarekin

http://www.flickr.com/photos/kezka/2589445525/

Esandako guztiaren jabe izanik, erdibidea bilatu genuen. San Lorentzoko Gaiteroak dira danzanteendako jotzen dutenak, baina egun berezietan, San Lorentzo eguna kasu, gehienez hamar bat kide dituen metal eta egur haizezko musika tresnez eratutako talde batek gaita bandaren hiru kideak laguntzen ditu, alde batetik gaitaren bizitasuna eta bestetik gainontzeko haizezko musika tresnen aberastasun polifonikoa batuz eta aldi berean musika banda oso bat baino erabilgarriagoa den musika taldea sortuz.

ixteko, klik argazkian

ixteko, klik argazkian

 

 

ixteko, klik argazkian

ixteko, klik argazkian

ixteko, klik argazkian

ixteko, klik argazkian

ixteko, klik argazkian

 

 

ixteko, klik argazkian

ixteko, klik argazkian