DANZANTEEN AGERRERA ETA JATORRIA

Zortzi danzanteak eta boboa dantza eta festaren eboluzioaren momentu jakin eta zehatzean agertu ziren. XVI. mendearen azken hamarkadetan azaldu ziren danzanteok konpartsa moduan Trento ondoko antzerki estiloko jai berrian. Alferrik da lehenago bilatu nahi izana, ezta Erdi Aroan ere. Trentoko Kontzilioa 1563an amaitu zen, ia hogei urte bilkuraz bilkura ibili ondoan eta horren espirituak Europaren zati handi bati ospakizunak egiteko estilo berri bat ekarri zion, ez bakarrik alor erlijiosoan, baita politiko eta sozialean ere.

Horretan eta bereziki dantzetan, orain interesatzen zaiguna izanik, Espainiako kontrarreforma berezia eta ikusgarria izan zen. Danzante koadrila hauek Pirinioen ipar isurialdean edo Europako beste edozein tokitan bilatzea lan antzua da. Halere Iberiar Penintsula osoan daude. Ematen du danzante eta komedianteen egiazko eztanda egon zela Felipe II.aren garaiko Espainia eta Portugalen, hasiera puntu jakin edo halabeharrezko transmisio bide zehatzik gabe, ikuspegi lokalista hutsetik hainbestetan esan denaren kontra. Edonola ere,  dantzaren eta komediarenganako irrika hori hirietatik herrietara pasako zen; Corpus ospakizun aberats eta aberasgarrienetatik herri erlijiotasunaren prozesio eta jai intimoenetara.

Somontano del Moncayoko Danzantea 1949an

(Pérez 1998: 90 Ikus Bibliografia)

Susticacan-eko Danzanteak (Mexiko)

http://www.flickr.com

Gizon dantzari hauek beren “eroarekin” Ameriketara iragan ziren, non, espero bezala, zinez harrigarria den nahasketa burutu baitzuten, eta baita azken Tudorren Ingalaterra katolikora, Morris dantzen funtsezko osagai izateko. Jesuiten misioek honen gainean aski ardura izanen zuten, hain segur.

Berpizkundeak ere, begirada beti Antzinate klasikoan ezarriz, inongo arazorik gabe Pirro greziarraren edo saliar erromatarren dantza militarren konpainiak berpiztu zitzakeen eta antzerki moderno horretara egokitu.

Beti trokeatuak diren eta gerra itxura duten sable, brokel eta makil dantza hauetan eta baita zuhaitz edo arku loredunaren inguruan txirikordatutako zinten dantzetan eta berauek laguntzen dituzten arku, bira eta giza-dorreetan, egia da keinu, erreminta eta janzkeran (oso) aitzineko laborari mundu erlijiosoaren elementu franko gordetzen direla.

Nojako Picayo-en arku dantza

(Ortiz de Echagüe 1953: 26 Ikus Bibliografia)

Giza dorrea Mirafloresen (Perú)

Denbora berean, Urrezko Aroko antzerkigintzak bere kopla printzipioz inozoen, laudorioen edo kolokioen bidez danzanteen bizitza oparo sustatu zuen, jadanik Erdi Aroko juglareen eta tenplu barrutik heldu den drama erlijiosoaren tradizio aberatsaren jaraunsle izanik ere. Trinkotze eta homogeneizatze handiko gertakaria izan zen. Anitzetan dantza pirrikoaren sostengu den kopla, dantza bera baino zaharragoa da.

 

Dantza hauek, barrokoaren handitasunaren hasieran batez ere, izaera alegoriko eta pantomimikoko dantza askorekin batera bizi izan ziren (portugesenak, beltzenak, ijitoenak, zaharrenak, Moctezumakoak etab.), gremioen edo Jesuslagunen ingurukoak berauek. Orduko aniztasuna eskuraezina zaigu egun.

Montehermoso-ko "negritoen" dantza (Cáceres) 

Argazkia: Marisol Otermin 1991-2-3   

 

Carlos IIIaren 1780ko Erret-Zedularen portada, dantzak, erraldoiak eta taraskak debekatuz (Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboa).

Danzanteen gainbehera: Carlos III.aren Erret-Zedula

Hala ere, Carlos III.ak,  1780ko uztailaren 21eko Erret-zedula baten bidez, dantzak, erraldoiak, taraskak eta bestelako errepresentazioak debekatu zituen tenplu eta prozesioetan. Horrek geldialdia ekarri zuen eta gisa horretako kultura-adierazpen ia oro suntsitu zuen anitz lekutan. Edozein gisaz, zortzi danzante horiek euren Bobo, Zipotegato, Katximorro, Botarga, Mojarra edo Mojarrillarekin (Andaluzian) batera gaur egun arte bizirik irautea lortu dute, nagusiki elkarren artean barreiatu eta urrun dauden laborantza inguruko ekonomiadun komunitateek sustengaturik.

Hori horrela, handitasun hartarik geratzen zaizkigun apurrekin, dantza ziklo horien artean dagoen antzekotasuna miresgarria da; berdintasun hori beti ere harrigarri suertatzen zaigu. Menturaz dantza hauek gehiago biziraun zuten laborari inguruko izateagatik edo sakratu zein debozionalak izateagatik, gerlari kutsuagatik baino.

 

 

Jarraian Carlos III erregeak, dantzak, erraldoiak eta taraskak debekatuz, 1780. urtean ateratako Erret-Zedula dakargu, bai eta zedula diozesian hedatzeko lanak Iruñeko katedral eta apezpikutzan sortu zuen dokumentazioa ere. Dokumentazio hori Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan, Katedraleko Artxiboan eta San Nikolas parroikaren artxiboan gordetzen da.

Dokumentuak hobeki ulertzeko, testuinguru historiko laburra, testuen traskripzio paleografikoak eta edukiaren gaineko iruzkin eta ohar argigarriak jasotzen dituen lan bat ere ekarri dugu hona. Momentuz, baina, dokumentu zahrrak bezala, lana gaztelaniaz baizik ez dago. 


Dokumentuen testuinguru historikoa, traskripzioak eta oharrak

(momentuz, gaztelaniaz bakarrik)

RealCedula

Erret-Zedula

Real Cedula

Apezpikuak kabildoari igorritako gutunaren txantiloia

Plantilla Carta Obispo

Kabildoak apezpikuaren gutunari egindako erantzuna

Respuesta Cabildo

Kabildoak Martínez de Salazar idazkariari igorritako gutunaren kopia

Copioa Carta a Secretario

Apezpikuak diozesiko parrokiei igorritako gutunaren txantiloiaCarta a Diócesis

Apezpikuak diozesiko parrokiei igorritako gutunaren kopia inprimatua

Copia Impresa