DANZANTEEN MUSIKA

 

Ez da dantzarik musikarik gabe kontrakoa ere hala izaten ahal dela ahaztu gabe. Edozein modutan, musika San Lorentzoko dantzen ezin utzizko atala da.

 

San Lorentzoko gaiteroak

San Lorentzoko Danzanteak nolabait estetika barrokoaren barnean txertatzea onartuta ere, musikaren kasuan hori ez dago horren garbi. Zehaz dezagun apur bat: dantzak laguntzen dituen musikak ez du musika barroko kultuaren kanona jarraitzen, gaur egun ulertzen dugun moduan. Horrek ez du esan nahi doinuek XVIII. mende inguruko edo lehenagoko jatorria ezin izan dezaketenik, baina musikak hautatzerako orduan ez dugu baldintza kronologiko-estilistiko hori helburu izan.

Musika kapera Sevillako Bestaberriko prozesioan, 1747an. Txirimia eta bajoiak koroa laguntzen ari dira, zeinean Seises haurrek ere parte hartzen duten (Autore anitz 1992 ikus Bibliografia)

Horren exijentea den karrika bezalako lekuan entzuleari hurbila izanen zitzaion musika bilatzea aproposago iritzi genuen; izan ere, karrikan emaldia denen esku baitago eta denek eman baitezakete iritzia. Ezinbestekoa zitzaigun doinuak ezagunak izan zitezen; edonork endemiko bezain unibertsaltzat jo zitzan—unibertsotzat apalki hartuta, gurearen gisako estratuak dituzten ondare musikaleko lekuak— finean, ez zitezela ez arrotzak ez aise identifikatzeko moduko doinuak izan.

San Lorentzoko Danzanteak Habanera dantzatzen. Genero hori XIX. mende hondarrean hedatu zen danzanteen artean

Horretarako publikoak ezagutzeko moduko aniztasun erritmiko pizar bat bilatu genuen, doinu erraz eta gogoraerrazen bidez. Batzuk handik eta hemendik jaso genituen eta beste batzuk unean sortu genituen, baina denek gaur egun arte iritsi den eta gure bestetan entzun eta kantatu dugun estiloa gordetzen dute: danzanteak laguntzen dituen musikaren gakoa hurbiltasunean eta egituraren, erritmoaren zein doinuaren sinpletasunean datza.

Iruñean, abuztuaren 10ean San Lorentzoko parrokiaren aurrean dantzan: egun hortan jende asko batzen da santuaren izena daraman karrikaren bestak ospatzeko

Arestian musika honen berezko testuinguru gisa karrika aipatu dugu. Orain musika kultu eta inkultuaren—ez bedi zentzu txarrean har—existentziaren arteko istilutan sartzea komeni ez bada ere, zilegi da San Lorentzoko Danzanteen doinuek musika egiteko bi moduen arteko mugaren nabarra ederki islatzen dutela esatea. Doinu bakoitza aztertzean erakutsi dugun gisan (ikus Errepertorioa atala), ez dira gutxi ustezko jatorri kultua izanik, herri xeheak onartu dituen doinuak, edo alderantziz.