DANZANTEAK IRUÑEAN

Iruñean, Lizarra, Tutera edo Vianan bezala (hiriok ezagunak dira euren dantzarako zaletasun eta hortik eratorritako udal gastuengatik), lehen dantza maisuak XVI. mendearen 2. erdian agertu ziren. Hala ere, Bargota, Aras edo Cabredo bezalako herri txikiagoek ere bazituzten euren danzanteak aipatu mendearen azken hamarkadan. 1660. urtean, Muskildako patronatuak, Otsagabian, bazituen jada danzanteak eta Boboa. Hori dena Danzanteak atalean aipatutako bapateko eztanda orokor bateratuaren alde mintzo zaigu.

Danzanteak Otsagabian

http://www.flickr.com/photos

(AGN 252581. 11. Folioaren aurkia)

Testua eta transkribapena PDFn ikusteko, egin klik

Iruñean danzanteak 1556an hasiko dira apal, baina ondorengo hamarkadetan goraldi geldiezin eta dirdiratsua izanen dute. Garai horretan, 1591n hain zuzen, aldatu zen urriaren 10etik uztailaren 7ra San Ferminen jai erlijiosoa arras modu kontrarreformistan, ferien algara eta zezen joko luzeekin nahasiz: debozioa eta dibertimendua –neurrigabekeria gehiago– trebeki uztarturik geratu ziren.  

 

Iruñeko Corpuseko prozesiorako dantza batzuk prestatu behar zituen dantza maisuaren kontrako 1593. urteko prozesuaren lagina. Nonbait, ez zuen kontratua bete.

Hiri erregeordedun eta apezpikuduna zen Iruña zaharrean bi ziren danzanteen datak: lehenik Corpus eguna, Europako tradizio eukaristiko zaharrenetarik bati jarraiki, eta gero San Fermin eguna eta era apalagoan iraileko San Fermin. Jakina denez, kanonizazioak, basilika eta kaperen inaugurazioak edo koroarekin lotutako gertakariak dantzarako aukera ezohikoak ziren. 

San Lorentzoko danzanteak Iruñeko Corpus Christiko prozesioan

 

Danzante koadrillak, XVII. mendean jada, ez ziren tokian tokikoak. Iruñera leku askotatik etortzen ziren: Iruñerritik, Taxoare, Gares, Zirauki, Lizarra, Arroitz edo Zangoza kasu; Erriberatik (Cascante, Tutera, Fitero...); Behe Errioxatik (Cervera del Río Alhama, Arnedo, Alfaro eta batez ere Igea de Cornagotik) eta Aragoi hurbiletik (Tarazona edo Ejea de los Caballerosetik edo Jakerritik). Erregimentu iruindarrak euren debozioendako, euren hiritarrendako eta euren nabarmentasunerako hoberena bilatzen zuen.

Egun Nafarroako museoan kontserbatutako baina jatorriz Orizeko jauregiko frisuaren xehetasun bat. Danzanteak kriskitinezko zangoetakoekin ikusten dira, txuntxuneroa lagun.

(Arizmendi 1976. Ikus Bibliografia)

XVII. mende hondarrean oso fenomeno interesgarria gertatu zen, danzanteen munduan eragin handikoa izan zena. Urte horietan Valentziako danzanteak agertu ziren eta laster jaiaren jabe bilakatuko dira penintsula osoan. Euren trebeziarekin, janzkerarekin eta giza arkitektura zein itzulipurdiekin gainontzeko taldeetan eragin handia sortu zuten, eskola bat sortuz eta leku askotatik eskariak jasoz, ez soilik dantzatzera joateko, baizik eta zezenketa eta bestelakoetan parte hartzeko ere.

Sáenz y Benitoren pintura hau Iruñeko Udaletxean gordetzen da. 1849ko Corpuseko prozesioan palio berriaren inaugurazioa islatzen du. Ordurako danzanteak desagertuak daude eta aingeruz jantzitako bi Seise (egoera txarrean bada ere, jantziok oraindik gordetzen dira) dira dantzatzeaz arduratzen direnak, ikus daitekeenez. Interesgarria da palioaren eramaleek gaur egunean koadroan ageri den janzkera urdin-gorria darabiltela eta zinegotziek, gisa berean, frac-a janzten dutela. (Redín, 1987: 222 Ikus Bibliografia)

XVIII. mendeko Iruña bestazalean kanpoko zein etxeko danzante kopurua nabarmen jeitsi zen. Emanaldi gehien dituztenak valentziarrak -bizpahiru koadrilla-, Bargotakoak, Agoizkoak eta bakan batzuk gehiago izan ziren. Valentziakoak 1792 arte egon ziren Iruñean. Gerora, Konbentzio Gerratik (1793-1795) Independentzia Gerrara (1808-1814) “Agoizko danzante valentziarrak” dira agertuko diren bakarrak. Eta ondoren jada, EZER ERE EZ.